XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LEHEN EKITALDIA. I Eszena.

(Piskanaka argia indartzen hasten da, baina apal iraungo du eszena guztian zehar. Autoak desatalkatzen dituzten leku batean gaude. Txatarra ageri da nonahi, neumatiko metatuak, auto-atakak, eserlekuak, etab.: metalezko egitura bat ageri da nagusi eszenan. Erdian, bi autobus-eserleku eta berauen gainean etzanda gizon bat, ikuslegoari bizkarra emanez. Luzia bastidore artetik deika).

LUZIA - Antonio!... Non zaude?... Antonio!

ANTONIO - Ez oihu egin... hemen nago, Luzia... (Bila ateratzen zaio).

LUZIA - (Bastidore artetik) Ene, azkenean ere! Baina zer gertatu zaizu... zergatik etorrerazi nauzu hona?

ANTONIO - (Neskarekin sartuz) Etorri, sartu, hobe dugu inork ez ikustea.

LUZIA - Zergatik? Zer egin duzu Antonio? Esaidazu zergatik jarri duzun ahots arraro hori telefonoz...

ANTONIO - Inork ezagutu ez nazan izan da.

LUZIA - Ez zaitez paranoiko jarri eta esaidazu bart zergatik ez zaren etxera itzuli... Dei egin zeniezadakeen.

ANTONIO - Nora joango nintzen, ba, goizaldeko lauretan? Ez neukan txakurtxikirik ere, eta giltzak txamarran zeuden. Kristoren hotza pasa dut.

LUZIA - Txamarra utzi duzula? Non ordea?

ANTONIO - Utzidazu gauza denak bata bestearen ondoren kontatzen. (Eserlekuan esertzen da). Bart, ordu bi t'erdiak aldera, ni neure autoan nengoen, kanalaren ondoan, Milanoko barrera pasa ta...

LUZIA - Eta zertan ari zinen zu gaueko ordu bietan, zeure autoan, eta hiritik bi kilometro baino gehiagora?

ANTONIO - Ba zera... lagun batekin nengoen... Fiatez hizketan. Atzo beste lau langileri igorri zizkieten langabetze-gutunak... absentismoarengatik. Gero jakin da hilabete bazeramatela hilik!